Arrigorriagak harri gorrien mezua bilatzera gonbidatzen zaitu. Izatez, udarako bakarrik prestatutako ekintza izan zen pasaden urtean (2007). Aurten, udan berriz ere, izan duen arrakasta ikusita, ibilbideak zabalik jarraituko du urte bukaerararte, kasu honetan, aldez aurretik hitzordua eskatzen duten taldeentzat soilik.
Bilbotik hamar kilometrora besterik ez dago Arrigorriaga eta hala ere, Bizkaia ezagutzera hurbiltzen diren bisitari gehienak ez dira inoiz herri honetako kaleetan zehar ibili. Bertoko askok ere gutxitan egin diote bisita Padurako ibarrean dagoen hiribilduari, agian horretarako aitzakirik izan ez dutelako.
Egitasmo bitxia da, besteak beste, azpiegitura handirik sortu behar izan ez dutelako ezarritako asmoa betetzeko. Komiki bat eta iPod bat bakarrik behar da Arrigorriagako eta Euskal Herriko historian mendeetako saltoak egin ahal izateko. Bi tresna hauekin ibilaldi eroso bat egin ahal izango da herriko toki esanguratsuenetan barrena.
Egitasmo hori gorpuzteko Jose Luís Urrutia idazlearengana jo zuen Arrigorriagako Udalak. Urrutiak Padurako batailaren mitoari heldu zion, “bisita turistikoan murgilduko direnei Euskal Herriko iraganean bidaiatzeko aukera emateko”.
Kondairak jasotako bataila horretan, IX. mendean ehunka gizonek isuri zuten odolak eman zion egungo izena Arrigorriagako herriari eta hori abiapuntutzat hartuta, Padurako gerraz gain, Euskal Herriko iraganean zortzi geldiuneko bidaia proposatzen du Harri Gorrien Mezuak.
0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada